Utopiak

By Urbix

WhatsApp Image 2017-11-23 at 13.57.20Agur bero bat Euskal Herri osoko, eta Euskal Herrikoak ez diren Baskoniako zale guztiei nire lehen idatzi honetan. Bide batez, milesker Joseba Sanchez-i, aukera emateagatik, eta bere idatziak euskaraz idazten hasi delako. Baskoniak Euskal Herriko saskibaloi ikur dela zabaltzen du lau haizetara, eta izaten jarraitu nahi badu, derrigorrezkoa da sareratzen den euskarazko idatzi, analisi eta iritis kopurua handitzea.

Aspaldi agindu nion Josebari egunen batean zeozer idatziko nuela, eta atzoko pasarte bat ikusita sartu zait grina, piztu txinparta. Belgrad, Radio Vitoriako Rafa Muntion berriemalea Komback Arenan. Lauko Finala. Ezinezko bidaia orain hilabete, Baskonia Serbiako hiriburuan maiatzean jokatzen ikusi nahi bagenuen. Eta orain? Orain igual posible da. Edo sinesten hasi gara. Sinesten hasteko beharra geneukalako. Ez naiz entrenatzailea, saskibaloia gustukoa duen kazetaria baino ez. Zenbaki hotzetatik harago, ez dakit zergatik huts egin zuen Prigioniren proiektuak. Zergatik lortu duen arrakasta hain garaiz Pedro Martinezenak. Baina Baskonia bueltan da, dena galduta zegoela zirudienean, eta horrek bizipoza ekarri du.

Prigioni. Klubaren mugimendu arriskutsua. Jainkoa Gasteizen. Zuzena eta zorrotza adierazpenetan. Baina eskarmenturik ez aulkietan. Gaizki atera zen, baina ondo atera zitekeen. Kanpotik begiratuta, akaso, bere akatsik handiena, ez zuela bere ideia eta jardunean atzera pausorik ematen edo onartzen jakin. Ingurugiro guztiarentzat agerikoa zen defentsa lanean taldea gaizki ari zela. Aldaketa automatikoen kontua. Eta aurkariek, beti, sekulako abantaila, aldaketak gaizki edo berandu egiten zirelako. Eta erasoan, ideia gutxi, joko antolatzaileek azken segundoetan jaurtiketa behartuak egin beharra. Dena ez zen Prigioniren errua izan, noski. Marcelino Huertas berde zegoen, Timma izar berria ere Letonian, Gasteizen baino gehiago. Eta taldeko dorreak, ba hori, begira zaintzen baino.

2-6 balantzea. Kopa garesti. Top 8a ezinezko. Eta ihes egin zuen Prigionik. Modu itsusian. Erabaki eta egin, klubarekin ezer adostu gabe. Eta guru-a itzuli zen. Pedro Martinez. Badakizue, cenutrio hitz kurioso hura erabili zuena. Eta gaua egun bilakatu zen. Ezina zena arrakasta. Zailtasuna erraztasuna. Sartzen ez ziren hirukoak orain bata bestearen atzetik. Pim-pam-pum. Aurkarientzat autopista baten parekoa zen saskirako bidea Prigionirekin, oztopoz betetako mendi bidea Martinezekin. Poztasuna. Irrifarra. 6-3 balantzea. Eta hazten. Eta zer aldatu da, bada?

Konfiantza. Zenbat aldiz entzun duzu norbait lanean gustura dagoenean gauzak hobeto egiten dituela, errendimendua hobea dela? Ba hori. Xehetasun batzuk aldatuz, Martinezek jokalarien autoestimua handitu du, eta ezinezkotzat jotzen zutena erraz egiten dute egun. Olioztatu gabe zegoen motorra findu du Bartzelonako entrenatzaileak. Sare sozialetan ere fin-fin dabil Martinez, baina hori beste post baterako utziko dugu. ACB Ligako bidea zuzenduta, Euroligako hurrengo hiru partidetan jarri nahi nuke arreta: gaur, Belgrad, hurrengo astean jarduneko txapelduna, Fenerbahce handia, eta Unicaja, azken biak etxean. Hiru horiek irabazita Belgrad errealitate bat izanen da, ez utopia.

Hain urrun, eta hain gertu. Edo hain gertu, eta hain urrun.

Andoni Urbistondo. “Urbix”

The following two tabs change content below.

Joseba Sanchez

"Baskonia en vena"

Latest posts by Joseba Sanchez (see all)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *