Urbixek aipatutako “utopia” bizirik jarraitzen du, baina agian utopia hitza jadanik ez du zentzurik. Baskonia 0-4 hasi zen Euroligan,ziur aski gogoratzen dudan hasierarik kaxkarrena, baina hortik aurrera, Pedro Martinez heldu zenetik, Baskoniak sei partida irabazi ditu, eta gaur egun balantze hori parekatuta dauka. Eta jarraian dauzkagun bi partidak irabazi modukoak dira. Milan eta Bartzelonaren aurka jokatuko dugu aste honetan, hain zuzen ere, sailkapenean azkena eta hamabigarrena doazen taldeen kontra. Galdu ditzakegu, bai horixe, baina biak irabazi baita ere!
Pedrok lortu duena ezin dut ondo deskribatu. Denok pentsatzen genuen taldea aldatuko zuela, baina ez dut uste inork pentsatuko zuenik hain azkar lortuko zuelarik, ezta hain ondo ere. Gaurko Baskonia eta Prigioniren Baskonia bi talde ezberdinak dira. Jokalari berdinak jokatzen dute, baina guztiz ezberdin mugitzen dira zelaian. Benetan gustatuko litzaidake jakitea zer arraio egin duen Pedrok osagai berdinekin beste jaki ezberdin bat prestatzeko, baina ez da erraza. Hala ere, saiatuko naiz azaltzen nik ikusten dudan lau alderdi nagusienak:
1. Defentsa. “Negua joan da ta” abesten zuen, zoragarri gainera, Zea Mays taldearen abeslariak, eta Prigionik utzi zuen neguarekin, defentsa arraro eta korapilatsuak joan dira ere. Pedrok udaberria ekarri du Gasteizera, defentsa normal eta handi batekin, eta ala eta guztiz ere, udara heldu gaitezke, zeren oraindik gauza asko hobetu ditzakegu. Niretzat defentsa da aldatu den alde nabariena, baina ez garrantzitsuena. Handiena talde jokoa izan da.
2. Talde jokoa. Prigioniren taldea oso bertikala zen. Hegalekoak bazter batean bizitzen ziren, partida lehenengo lerrotik ikusten, eta jokoaren ardatza guztiz lineala zen. Grangerrek goian, pik and roll-a jokatzen Ilimane edo Vioghtmanekin. Ateratzen bazen, primeran, ez bazen ateratzen, baloia Tokorentzat, eta Tokok, bakarki gehienetan, bat-baten kontra jokatzen zuen. Eta hori zen guztia. Saskiak etortzen ziren, jokalarien maila pertsonala eta kalitatea oso ona baitzen, baina ez geneukan talde bat, multzo bat baizik. Orain, berriz, baloia oso azkar mugitzen da bost jokalarien artean. Hegalekoak protagonista sentitzen dira, eta noski, hori bere konfiantzan(hirukoen portzentajeetan) nabarmentzen da. Pedrok oso argi dauka baloia mugitu behar dela, baita jokalariek ere. Eta azkenik, bat-baten kontra jokatu behar bada edo pick and roll-a ateratzen bada, primeran, baina ez da aukera bakarra.
3. Poirer. Bizitzan, batzuetan, gauza harrigarriak gertatzen dira. Bagenekien Poirerek antza ona zuela, eta denok espero genuen jokalari gogor bat, baina ez dut uste inork espero zuenik Poirer azkeneko Euroliga jardunaldiaren MVP-a izatea. Poireren maila taldea guztiz orekatu du, naiz errebotean naiz defentsan egiten ari dena itzela da. Maila hau mantenduz gero, Baskoniaren dimentsioa asko handitzen da. Baina gogoratu behar dugu oso jokalari gaztea dela eta iaz gauza bera gertatu zela Voightmanekin, eta azkenean ez zuen maila mantendu. Itxaron beharko dugu, baina amets egin, baita ere!
4. Mentalitatea. Baskonia, Pedrorekin, kanpoan irabazten ari da. ACB ligan, agian, horrelakorik espero genezakeen, baina Euroligan? Ezta pentsatu ere! Zalgiris, Izar Gorria eta Efes erori dira bere zelaietan, eta espero dezagun bihar Milanek ibilbide berdina hartzea. Kanpoan irabaztea ez da bat ere erraza eta hori lortzeko taldearen mentalitatea oso gogorra izan behar da. Eta denok dakigunaren arabera, Prigionirekin ez zen gertatzen.
Zoritxarrez, egoera hau ez da betirako mantenduko. Egun batean galduko du Baskoniak, eta prest egon beharko gara porrot hura ondo jasotzeko. Nire ustez jokalari hauek eta, bereziki, Pedro Martinezek gure konfiantza irabazi dute jadanik.
Orain, berriz, gozatu dezagun taldearen mailarekin, itzela da eta.
Amets egin dezagun

Joseba Sanchez

Latest posts by Joseba Sanchez (see all)
- Nuevo proyecto “Baskonia zainetan” - 9 enero, 2019
- Perasen lan itzela - 27 diciembre, 2018
- Gitarrajole eta abeslerik gabeko Rock taldea - 7 noviembre, 2018