Undertaker

Undertaker

By Urbix,

Hemen daukagu Urbixen bigarren artikulua! Mila esker Andoni!

Undertaker

WhatsApp Image 2017-11-23 at 13.57.20

Ostiralean CSKA Mosku dator Gasteizera. Gaztelaniazko ‘que viene el coco’ edo ‘el hombre del saco’ esaerek ez dute itzulpen errazik euskaraz. Haur txikiei abesten zitzaizkien seaska abestietan piztiak eta munstroak aipatzen ziren, haurrak, beldurraren beldurrez, lokar zitezen. CSKA, Baskoniarentzat, piztia, munstroa da. Real Madril bera baino gorrotatuagoa, ziurrenik. Theo Papaloukas-en lepo mozketa keinu harengatik, Nocionik hamarkada bat atzera Universal Sports Hall hartan galdu zuen baloi madarikatu harengatik, Ettore Messinaren zezenketagatik, Dimitrios Itoudis diplomatikoaren ziztadengatik… eta Europako aberatsak direlako. Baskoniak Euroligako aberatsen aurka borrokatzeko berezko grina daukalako sartua odolean.

Messina Manolete izan zitekeen, prentsaurreko sonatu hartan Buesan saskibaloia ez, zezenketa bat ikusi zela esan zuenean. Baskonia zaleen zerrenda beltzera pasa zen orduan. Itoudisek ere bere maisu izandakoaren antzera jokatu zuen geroago, baina zenzenketak ez, wrestling borroka bat bezala epaitu zuen, 20 X 20 kantxan ikusitakoa. Ez dut wrestling-a asko ezagutzen, entzuna nuen ba dagoela Rey Misterio izeneko borrokalari bat… Begiratu egin behar izan dut, munduko 20 wrestler ezagunenen zerrenda, bat aukeratu eta Itoudis-i goitizen bat jartzeko. Undertaker gustatu zait. Ehorztailea. Baskoniaren loriarako bidea hondoratu duen entrenatzaile ezagunenetakoa baita.

Ez dut sobera atsegin Itoudis. Sumatuko zenuten, dagoeneko. Bi Itoudis baitaude: Dr. Jekyll eta Mr. Hyde. Bere taldeak irabazten duenetan, partida osteko agerraldietan errespetua erakusten die Baskoniari, bere zaleei, kirol taldeari, Dr. Jekyll-en paperan. Galtzen duenetan, ordea, bere nortasuna eta izaera erabat eraldatzen dira, eta diskurtso latzak botatzen ditu, epaileen jarduna hitz itsusiekin kritikatuz. Hori, kazetariak errespetatzen ez dituenean…

Pasa den apirilean gertatu zen azkena. Top 8an, Baskonia eta CSKA elkarren aurka aritu ziren Istanbulgo Lauko Finalean aritzeko postu baten bila. 3-0 nagusitu ziren errusiarrak, baina Moskuko bi partidak markagailu estukoak izan ziren, eta epaileak, nola ez, erabakigarriak izan ziren, une jakinetan Europako talde aberatsenaren aldeko erabaki eztabaidagarriak hartuz. Beste behin. Gasteizen 3-0koa lortuta, nik neuk, epaileen lanaren inguruan galdetu nion Buesako prentsa aretoan Itoudis-i. Gaztelaniaz galdetu nuen, itzultzaileak ingelesez galde ziezaion, protokoloak agintzen duen moduan.

Ez zion utzi itzultzaileari bukatzen utzi. Gaztelania ulertzen duela jakin genuen egun horretan aretoan ginen kazetariak.  Zenbait galderek bere onetik ateratzen dutela ere bai: «Badakit nondik zoazen, eta ez dut onartzen nire jokalarien ahalegina, esfortzua, epaileen lanaren baitan epaitzea». Berriro galdetzeko aukerarik gabe, aulkitik jaiki eta martxa egin zuen. Hori da Itoudis, 2012an Baskoniako entrenatzaile izatetik gertu egon omen zen entrenatzailea. Elegantea tratuan, komeni zaionean, baina harroa, gustatzen ez zaiona entzuten duenean.

Beste baterako utziko dut entrenatzaile ona den edo ez den. Euroliga bat irabazi du hiru urtetan, CSKArekin, eta beste bi Lauko Finalak jokatu. Palmares bikaina. Baina 40 milioi euroko dirutza jarri diote eskura urtero, nahi izan dituen talde puskak egiteko. 120 milioi euro hiru urtetan, eta Euroliga bat onartzeko moduko balantzea den, zuen, irakurleen esku uzten dut.

Andoni Urbistondo, «Urbix«

The following two tabs change content below.

Joseba Sanchez

"Baskonia en vena"

Latest posts by Joseba Sanchez (see all)

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *