Alavesek eta Baskoniak hitzarmen bat sinatu zuten iaz. Hitzarmen horren arabera, Alavesen aurrekontutik %4a pasatuko dio urtero Baskoniaren kontuari, “kudeaketagatik”. Alavesek berak jakinarazi zuen abenduan akziodunei aurkeztutako balantzean, eta atzo, El Correo-n, zehaztasun gehiago irakurri genuen. 2,3 milioi izan ziren iaz. Hantxe irakurri genuen ere Baskoniak 1,1 milioi superabitekin bukatu zuela iazko denboraldia.
Hauek dira albisteak, baina gero, zaletasunaren arabera edo maite-gorrotoaren arabera irakurri eta entzun dezakegu interpretazio ugari. Dirudienez, gasteiztar askok ez dute onartzen Gasteizen gertatzen ari den aldaketa. Jadanik, “Grupo Baskonia-Alavés Group”-ek ordezkatu ditu nahiz Baskonia nahiz Alavés. Errealitate hau ez duena ikusten, arazo larri bat dauka. Hots, ez dauzkagu bi klub bat bakarrik baizik, saskibaloi eta futboleko sailekin, hori bai.Baina berri hau argitaratu zenetik, gasteiztar guztiak amorru bizian daude. Futbol-zaleak sutan: Lapurtu digute! Josean Querejeta madarikatu horrek! Saskibaloi-zaleak futbol-zalekin haserre: Eskergabe hauek! Non ote zen Alavés Josean Querejetak taldea hartu zuenean? Eta non egongo ote zen gaur hartu ez izan balu? Desagertuta! Bakoitzak bere hitzetan, baina gutxi gorabehera argudio berdinak entzun ahal ditugu Gabonetako eztabaida gehienetan. Dakizuenez, koinatu gehiegi batzen dira egun hauetan mahi baten inguruan.
250.000 bizilagun bizi da Gasteizen, oso hiri txikia baita, baina lehenengo mailako bi talde dauzkagu. Eta bi talde horien kudeatzailea pertsona bera da. Lortzen diren sinergiak aprobetxatzea ez da aukera bat, behar bat baizik. Gure errealitatea asko aldatzen ari da, eta aldaketa horren eraginez, kudeaketa aldatu behar du nahitanahiez. Bukatu dira babesle handiak, ez dugu berriro Taugres berri bat hain errez aurkituko, eta errealitate krudel horretan igeri egiteko, ezagutzen dudan igerilari hoberena da Josean Querejeta. Bi aukera daukagu Gasteizen, aldatu edo pikutara joan. Eta nik ez dut nahi ez Baskonia ez Alaves pikutan ikusi nahi.
Josean Querejetaren kudeaketa itzela dela ez du inork ukatzen, haters-ak ezik noski. Urte batzuetan hobeto egin dezake eta beste batzuetan berriz, pixka bat txartoago, baina perspektibarekin ikusten badugu, bere kudeaketa beti gorantz doa. Saskibaloian adibidez, orain dela urte asko ez ditugula titulurik irabazten (etorriko dira), baina aitzitik, Euroliga berrian gaude eta hantxe egongo gara hurrengo hamar urteetan. Ez gara jada Scolak, Machek edo Bennettek osatu zuten “TAU CERÁMICA” inperial hura, baina Europan dauden hamasei talde onenen artean egongo gara beti. Futbolean berriz, taldea 2B mailan hartu zuen eta lehenengo mailan dauka dagoeneko. Asko sufrituko du aurten maila mantentzeko, baina bederen Gabonak salbazio postuetan igaro du taldeak. Hobeto egon liteke? Bai horixe! Baina askoz txarrago ere bai.
“Grupo Baskonia-Alavés Group”en kontuak erlazionatuak daude. Beti egon dira erlazionatuak, baina azkenean gardentasun pixka bat adierazi dute eta zenbakiak mahai gainean jarri dituzte. Nire ustez ondo dago, baina badakit post honekin ez dudala gerrarekin bukatuko. “Pro” eta “anti”-ak gerran jarraituko dira.
Gabonetan Buesa Arena ia beteta ikusi dugu. 14.000 bat ikusle egon dira CSKA eta Real Madril ikusten. Futbolean berriz, 18.000 bat lagun bildu ziren Mendizirrotzan Alavés eta Las Palmasen arteko neurketa ikusteko. Baskonia eta Alavesen zaleak itzelak dira benetan. Eta aurretik daukagun urtea oso gogorra izango da bi taldeentzat. Alavesen garaipen bakoitzak Baskoniari on egingo dio. “Espanyoli irabazi dio Baskoniak” izendatu zuen Danel Agirrek idatzitako artikulua orain dela bi hilabete, eta berarekin bat nator.
Ongi etorri denoi errealitate berri honetara. Aupa Baskonia, eta Aupa Alavés!

Joseba Sanchez

Latest posts by Joseba Sanchez (see all)
- Nuevo proyecto “Baskonia zainetan” - 9 enero, 2019
- Perasen lan itzela - 27 diciembre, 2018
- Gitarrajole eta abeslerik gabeko Rock taldea - 7 noviembre, 2018