Pedro Martinezek lortu du. Baskoniak lortu du. Top-8an gaude, berriro ere. Utopia zirudiena, eta agian zena, egi bihurtu du Pedrok, eta blog honetatik eskerrak eman nahi dizkiot: mila esker, Pedro, bihotz bihotzez! Mila esker Baskonia zoragarri bat eraikitzeagatik, jokalari on multzo bat talde itzela bihurtzeagatik, eta, atzera, ilusioa eta harrotasuna ekartzeagatik.
Pedro Martinez tipo berezia da; hamaika urte daramatza saskibaloi munduan, eta erronka ugari onartu ditu bere bidean. Azken lau erronkak, hala nola, zorabiatzeko modukoak izan dira: lehenik Kanaria Handia haztea eta elitean ezartzea lortu zuen; bigarrenik, Manresa ACBn utzi zuen (agian erronkarik zailena); hirugarrenik, Valentzia bere bizitzako porrot latzetatik atera (Eurocupa galtzea) eta ACB liga eskuratu zuen iaz; eta, azkenik, Baskonia hartu eta 0-4tik Top-8ra eraman du. Balirudike hau guztia lortzea erraza dela, baina ez da. Goraipa ditzagun bere lana eta bere lorpenak, ez da lan erraza izan eta, inondik inora.
Datorren erronka Final-Fourera heltzea litzateke. Beste utopia bat akaso, baina talde honentzat ez dago utopiarik. Bihar Baskoniak Efes hartuko du Buesa Arenan. Etsi, berriz, Olympiakosek Zalgiris hartuko du grezian. Baskoniak bere eskuan duen aukera bakarra CSKA saihestea litzateke; Efes menperatuz gero, bederen zazpigarren amaituko luke eta. Gero, ostiralean, Olympiakosek etsaia aukeratuko du: Etxean galduz gero, Zalgiris, baina irabaztekotan Baskoniaren aurka neurtuko luke. Nire aburuz, Olympiakos izango litzateke aurkaririk aproposena Final Fourera iristeko, baina azkenean Fenerbahce edo CSKA hartu behar baditugu, jo eta ke borrokatuko ginateke haien aurka. Eta orain jokatzen ari garen legez jokatuz gero, aukerak izango genituzke.
ACB ligan, Baskoniak bigarren postua eskuratu zuen aurreko astean. Egun, ez dago ACBn aurka egin dakiokeen talderik. Noski, partiduak gal ditzake, joko bat baino ez da, baina goiko postuetan bukatuko du seguruenik. Barkaidazue, baina apirilean ACB ligari buruz mintzatzea oso aspertzen nau. Ez dago Euroligarekin konparaketarik. Playoff-ekin itzuliko da berriro interesa, baina orain Final Four baino ez daukat buruan.
Top-8a hasi arte, egunak urteak balira legez pasatzen dira; bitartean, Baskoniari osasuna baino ez diot opa. Eta zorte pixka bat, noski.
Zorionak, Baskonia, eta mila esker, Pedro.

Joseba Sanchez

Latest posts by Joseba Sanchez (see all)
- Nuevo proyecto “Baskonia zainetan” - 9 enero, 2019
- Perasen lan itzela - 27 diciembre, 2018
- Gitarrajole eta abeslerik gabeko Rock taldea - 7 noviembre, 2018